AURKEZPENA
Poz handiz aurkezten dut Arartekoaren 2010. urteko txostena. Txosten honetan, 2010. urtean zehar egin ditugun ekintza eta jarduera guztiak jaso ditugu. EAEko Herri Defentsaritzan lan egiten dugun 52 lagunek egindako lan handiaren emaitza dugu hau.
Kalitatearen alde eta geure bitartekoak hobetzearen alde egiten dugun apustu etengabean, Eusko Legebiltzarrari eta euskal herritarrei gure lanaren emaitzak ezagutzera emateko asmoz, urtez urte berrikuntzak sartzen ditugu urteko txostenean. Aurtengoan ere CD-Roma erabili dugu urteko txostenaren euskarri orokor gisa. Txostenean, aurten estreinako aldiz, aurretik Arartekoaren webgunean argitaratu diren dokumentuen estekak ipini ditugu. Horrekin batera, potentzialtasun handia duen euskarri berria sortu dugu: web txostena. Euskarri berri honi esker, zenbait webetan zehar nabigatu ahal da, baliabideak optimizatzen dira eta materialak berrerabiltzen dira, irakurleari ahalik eta informazio gehien emanez (ebazpenak, legeak, argitalpenak eta Arartekoaren beste dokumentu batzuk, beste erakunde eta elkarte batzuen jarduketen erreferentziak, eta abar), Internet arloko punta-puntako teknikak eta tresnak erabiliz (besteak beste, administrazioen araberako bilaketa sistemak, gako-hitzak, araudiak eta abar). Bestalde, esan nahi nuke web txosten hau eta dauzkan datuak, Arartekoak 2010. urtetik aurrera argitaratuko dituen txosten guztiak bezalaxe, open data formatuan argitaratu direla, crative commons lizentziarekin. Horrek esan nahi du edonork erabili ahal dituela.
Urteko txostenaren euskarri nagusia CD-Roma den arren, txostenaren inprimatutako bertsioa, liburu formatuan, mantendu dugu, tirada txikiagoarekin halere. Horrela, bitarteko informatikorik ez daukaten pertsonek edo pantailan irakurtzea zaila egiten zaien pertsonek txostenaren edukia paperezko euskarrian irakurri ahalko dute.
Ahalegin handia egin dugu urteko txostena erraz eta arin erabiltzeko materiala izan dadin, eta irakurleak interesgarrien irizten dion informazioa aurkitu ahal dezan. Helburu hori betetzeko, aipatutako nobedadeaz gain, bi berrikuntza gehiago egin ditugu: batetik, Haurren eta Nerabeen Bulegoari dagokion informazio guztia txosten orokorrari erantsitako beste txosten batean ateratzea, hedapen autonomoa izan dezan, informazio horren garrantzia eta luzera kontuan izanik. Eta bestetik, urteko txostenaren berrikuspen-laburpena sustatzea eta hobetzea, urteko txostenaren kalitate eta erakarmen handiko sintesia izan dadin, urteko txosten horren informazio eta komunikazio ahalmenak areagotzeko asmoz.
Bestalde, esan nahi dut txosteneko kapituluen edukia ahalik eta gehien laburbildu dugula, luzera laburtuz, eta Arartekoaren 29 lan-arloetako bakoitzean ondorioen atal bat erantsi dugula. Urteko txostena komunikazio eta lan tresna ahalik eta erabilgarriena izan dadila nahi dugu.
Urteko txostenari, era berean, egitura berria eman diogu, batetik irakurtzeko errazagoa izan dadin, eta bestetik, eremu jakin batzuetan Arartekoak egin duen lana hobeto komunikatzeko. Ildo horretan, esan nahi dut kapitulu berria sortu dugula (VII.a hain zuzen ere), Arartekoa modernizatzeko egiten ari garen lan eskergaren berri emateko, egunetik egunera eraginkortasuna, zerbitzuaren kalitatea, baliabideen eraginkortasuna eta optimizazioa, eta gure prozesuen eta lan tresnen hobekuntza hobetzen saiatuz.
Bestalde, Arartekoaren lehentasuna den auzi batean sakontzen jarraitu nahi dugu; gizarte elkarteekiko harremanez ari naiz. Izan ere, elkarte horiek informazio iturri oso garrantzitsua dira gure lanerako eta, gainera, herritarren eskubideak gauzatzeko baldintzak nabarmen hobetzen laguntzen dute. Are gehiago, esan dezakegu Arartekoaren funtzioak betetzen laguntzen dutela. Horregatik, gizartearekiko harremanei buruzko atal berezia sortu dugu txostenean, gizarte elkarteekiko harremanen berri ematen duena.
Nabarmendu nahi nuke Arartekoak 2010etik 2014ra arteko denboraldirako 2009ko urrian ezarri zituen helburu programatikoak betetzen hasi direla 2010. urtean. Helburuak gogoeta estrategikoko prozesu baten ondoren ezarri genituen, Eusko Jaurlaritzak bost urteko bigarren denboraldi baterako aukeratu ninduenean. Helburu programatiko horien artean, Arartekoaren arloen egitura edo mapa berria eta antolaketa berria asmatzea dago, Arartekoaren giza baliabideak optimizatzeko eta zerbitzuak etengabe hobetzeko.
Arartekoaren antolaketa eta egitura berri hauek 2010. urteaz geroztik martxan daude. Zentzu horretan Haurren eta Nerabeen Bulegoaren sorrera azpimarratu nahi nuke. Bulego horren helburua Arartekoak umeen eta nerabeen errealitateen eta eskubideen inguruan egiten duen lana hobeto sistematizatzea eta proiektatzea litzateke. Horregatik, uste dugu egokia dela urteko txostenean Arartekoak adingabekoen arloan egiten duen lanari buruzko atala, lehen esan dugunez, urteko txostenetik bereiztuta aurkeztea.
Urteko txostenean Arartekoan izapidetu diren kexa espedienteen berri eman dugu, gaika taldekatuta, erakundearen jardunak dituen lan arloen arabera, eta herritarrek euskal administrazio publikoen ekintzengatik edo jarduera ezagatik egin dituzten erreklamazioen arabera. Noski, kexaren prozeduran ezinbestekoa da dagokion administrazioari entzutea, bere jarrera azal dezan. Aurten ere esan behar dugu, tamalez, administrazioak ez duela erantzuten behar bezain azkar edo bidaltzen duen informazioa ez dela nahikoa izaten, ez datorrela bat egindako eskaerarekin, eta horrek eragin negatiboa du ematen dugun zerbitzu publikoaren kalitatean (halaxe ikusiko dugu txostenaren IX. kapituluan: administrazio publikoen lankidetza Arartekoarekin).
Horregatik, euskal administrazio publikoei dei egin behar diet, beste behin ere, Arartekoaren erakundeari behar bezala eta erantzukizunez lagun diezaioten. Izan ere, hala eginez gero, herritarrei ematen dieten zerbitzua hobetuko litzateke eta pertsonen eskubideak babesten dituzten bermeak indartuko lirateke.
Kexak izapidetzeaz gain, gure ustez EAEko herritar guztiek beren eskubideak berdintasunez gauzatu ahal izateko arreta berezia merezi duten kolektibo eta egoerei buruzko txosten bereziak argitaratzen jarraitu zuen iaz Arartekoaren erakundeak.
Txosten bereziekin batera, Arartekoak jarduera asko egin zituen beren funtsezko eskubideak gauzatzeari dagokionez urraketa, defizit, arrisku edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsona talde edo kolektiboei zuzenduta. Hain zuzen ere, zenbait ekimen egin ziren, arlo bakoitzean plangintza tresna berri baten bidez prestatu zirenak: jarduketa planak (besteak beste gizarte erakundeekiko eta administrazio publikoetako arduradunekiko batzarrak barnean hartzen dituztenak); jardunaldietan, mintegietan eta biltzarretan parte hartzea; ikerketa bekak eta abar. Tresna horiek guztiek egoera hauei buruzko informazio zehatza eta eguneratua biltzen laguntzen digute, gero administrazio publiko eskudunei gomendioak egiteko.
Bestalde, giza eskubideen defendatzaileak garen aldetik, Arartekoaren erakundean bereziki azpimarratu behar dugu giza eskubideen kultura sendotu beharra dagoela. Zehazkiago, botere publikoek eta herritarrek giza eskubideak errespetatzeko printzipioa sustatzen eta sendotzen lan egin beharko genuke.
Ideia horrek garrantzi berezia dauka talde terrorista guztien biktimei dagokienez. Haiekin lanean jarraitu nahi dugu, 4/2008 Legean jasotako eskubide eta helburuak indarrean sar daitezen eta guztiz gara daitezen. Bereziki aipatu behar dugu ETAren indarkeriaren 2010eko biktima: Jean-Serge Nérin, frantziar poliziako brigadako burua, martxoaren 16an Villiers-en-Bière herrian hil zuen.
Era berean, motibazio politikoko biktimak deritzenei, zeintzuen funtsezko eskubideak torturen, tratu txarren edo beste bitarteko batzuen bidez urratu zitzaizkien, ahalik eta lasterren egiarako, justiziarako, oroimenerako eta ordainerako duten eskubidea aitortzeko ahalegina egin behar dugu.
Bestalde, Zuzenbideko Estatu Demokratikoa eratzen duten erakunde eta organoei exijitu behar diegu pertsonen eskubideak eta eskubide horiek bermatzeko sistema guztiz errespeta ditzatela. Horretarako, balio eta printzipio demokratikoekin ustez bateraezina den ekintza bat salatzen duten herritarrek erantzun argia jaso behar lukete beti, sistemaren gaitasunari buruzko zalantza oro uxatzeko edo ikerketa bat hasteko, balizko erantzukizunak argitzeko, egotekotan.
Azkenik, uste dut garrantzitsua dela esatea giza eskubideak zaintzeko eta hobetzeko beharrezkoa dela herritarrak konprometituak, exijenteak eta eskubideak errespetatzeko eta defendatzeko balio demokratikoez jantziak izatea. Datozen urteetan Euskadin norabide egokian urratsak egingo ditugula espero dut.
Iñigo Lamarca Iturbe
ARARTEKOA